I
hasieran mina izan zen
gaueko garrasiak
ospitaleko esku-oheak
gorputzaren beldur zinen
azalaren azpian zainak eta hezurrak
eta hesteak izatearen beldur
usteldutako haragiaren kiratsa
norbaitek sumatuko ote zuen beldur
hobe hutsik egon
eta azalaren beste aldean bizi
badaezpada
odolaren beldur zinen, ama
hasieran mina izan zen
eta jainkoek ez zuten hitzik esan
II
izenak izan ziren ondoren
fibrosia estenosia bi hernia diskal
sustrai-irteera bikoitza
mediku bakoitzak izen berri bat gehitzen zuen
gorputzaren zerrenda beltzera
ebakuntza-gela berri bat
ugaltzen joan dira izenak
biderkatzen ugaritzen berresaten
azalaren azpian tintazko ozeanoak
eta paperezko zelaiak bazenitu bezala
eroritako buruaren sindromea
artritisa miastenia
minaren aurka ez dago borroka egiterik
izenei deklaratzen zaie gerra
izenak dira izen berriekin suntsitzen direnak
ospitaleko gelak betetzen dituztenak
III
ama
hizkuntzatik haratago
tinta eta ahotsaren zauritik at
olatuen arnasa entzun dezaket
minaren izenaren azpian
odolaren zaporea dastatu
ama
hizkuntzatik haratago
petrolioz betetako urdailak
eta hildako semeak babesten dituzten
emasabelak daude
ama
izenaren azpian
neu naiz garrasi egiten duena
zeure birikek
atseden hartu dezaten
puedes publicar bilingue?
ResponderEliminar